XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Itunaren ostean, kazetarien lan propioa nabariagoa izan da.

Ituna sinatu aurretik kazeta honek ETAren aurrean zuen kontrako jarrera nahikoa bistakoa bazen ere, informazioetan nagusitzen zen joera aseptiko xamarra zen. Urteak aurrera joan ahala, terrorista adjetiboaren erabilera izugarri areagotu da.

ABC egunkariari dagokionez, albiste hauek normalean lehen orrialdean agertu dira, baina nekez dira notiziarik garrantzitsuena (kontuan izan behar da Abc-ren lehenengo orrialdearen tamainak eta konposaketak ez duela zerikusirik gainerako egunkariek plazaratzen dutenarekin). Gertaera hauek Nacional sailean azaldu dira, baina bigarren maila batean, normalean ez baitute sekzioa zabaldu. Albistearen jatorriari dagokionez, kasu ia guztietan erredakzioak landutako lanak izan dira.

Garai bietan, kazeta honetako berriemaleek duten ETAren kontrako jarrera argia da. Are gehiago, esan genezake AEIk bertoko kazetariengan kasik eraginik ez duela izan, Abc-rentzat ETAkideak betidanik terrorista hutsak izan baitira. Honetaz gain, ekintzaile armatuen soslaia odolari lotzen saiatu dira, hartarako Poliziaren esanak edo beraiek lortutako iturriak erabiliz.

Esandakoaren erakusle modura hona hemen adibide bat. Beste egunkarietan Fernando Barrio ETAm-eko ustezko kidea bezala agertu zuten. Aldiz, Abc egunkariak zera nabarmendu zuen, hildakoa ETA militarreko kide liberatua zela.

Horrez gainera, aurretituluan beste kazetetan azaltzen ez zen elementua topatu genuen: Los disparos del etarra quedaron incrustados en los chalecos antibala de los inspectores (82/IX/27).

Lucia Urigoitiaren kasuan, Abc-k ez zuen zalantza izpirik izan, hasera-haseratik terrorista adiera atxekitu baitzion. Albiste honetan agertu zen azpititulua ere deigarria zen: Murió una terrorista al hacer frente a las fuerzas de seguridad.

Gertaera honetan, Goardia Zibilak izan zuen partaidetza biziki goraipatu zuen egunkari honek: La Guardia Civil desarticuló en una espectacular acción a uno de los grupos más peligrosos de ETA (87/VII/24)